Hernaniarren %65 ongi edo oso ongi moldatu dira atez atekora

Beitialarrangoitiaren ustez, agerian geratu da gaikako bilketaren aurkakoen argudioak gezurra direla

Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea «oso pozik» azaldu da herritarrek hondakinen atez ateko bilketari emandako harrerarekin eta iritziak biltzen dituen inkestaren emaitzekin. «Oztopoak oztopo, atez ateko zabor bilketa sistema atzeraezina da». Atzo jakinarazi zituzten emaitzak, eta, horien arabera, galdekatutako herritarren %64,6 ongi edo oso ongi moldatu dira sistema berrira. Gainera, hasieran zalantzak zituztenen %65,6 alde daude orain.

Aztikerrek 504 elkarrizketa egin ditu Hernanin bizi diren 15 urtetik gorako herritarren artean. Inkestako emaitzen arabera, sistemaren alde daude herritarren erdiak baino gehiago —%54,8—. Atez ateko bilketa hasi aurretik, kopuru hori %20koa zen.

Gehienak egoki moldatu dira sistema berrira. %67,3k ez dute zalantzarik izan hondakinak gaika banatzeko orduan. Zaborra ordutegi zehatz batean jaitsi behar izatea zen sistemaren aurkakoek egiten zuten kritiketako bat. Baina galdekatutako hamarretik zortzik diote oso ongi edo ongi moldatu direla ordutegira. Gainera, herritarren %74,4k diote inoiz ez dutela eraman zaborra beste udalerri batera.

Inkestan parte hartu duten %62k uste dute ahaleginak merezi izan duela eta harro egoteko motiboak daudela. Hobetzeko proposamenen artean, lautik batek materia organikoa biltzeko egunak ugaritzeko eskatu du. Beste proposamen batzuk hauek dira: altzarien eta tamaina handiko tresnen sistema doan izatea, papera ateratzeko beste sistema bat jartzea eta herritik gertu garbigune bat izatea.

Beitialarrangoitiaren arabera, emaitzek agerian utzi dute sistemaren aurka egiteko erabiltzen ziren argudioak «gezurretan» oinarritzen zirela. «Sistema erosoa dela erakutsi digute hernaniarrek, ohitura aldaketa sinple bat dela eta emaitzak berehalakoak direla». Sistema ezarri aurretik udalak bilketa modua ezagutarazteko egindako ahaleginak bere emaitzak eman dituela nabarmendu zuen Unai Erroitzenea Zerbitzuetako zinegotziak.

Helegiteak errauste plantari

Beitialarrangoitiak gogoeta egiteko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. «Hondakinen tratamenduaren inguruan herritarrek kezka badutela agerian geratu da, eta gehienak errauste plantaren aurka daudela. Batez ere gazteak daude aurka, haiek jasango baitituzte gehien ondorioak».

Bestalde, Errauste Plantaren Aurkako Plataformen Koordinakundeak helegiteak aurkeztu zituen atzo Donostiako Behin Behineko Lurralde Planaren aurka, Zubietako errauste plantaren proiektua dela eta.

Helegiteetan plataformak gogorarazi du errauste plantak hiriguneetatik bi kilometrora egon behar duela gutxienez, osasunarentzat «kaltegarriak eta arriskutsuak» diren gaiak isurtzen dituelako. «Baina kasu honetan ez da betetzen». Errauste plantatik irtengo diren usain eta soinuengatik arazoak izango direla ere jaso dute helegiteetan.

Europako Inbertsio Bankuarekin errauste planta finantzatzeko egin asmo den akordioa «hipoteka bat» dela uste dute, eta ez bakarrik ikuspegi ekonomikotik begiratuta. «Hilarri moduko bat litzateke zaborren kudeaketari buruzko politika publikoetan aldaketaren bat egiteko».

Gainera, salatu dute errauste planta egiteko aurrekontua ez da 264.010.000 eurokoa, baizik eta 500.000.000 eurokoa. «Atez atekoa baino garestiagoa da, adibidez».

Gainera, haien iritzian, gero eta gehiago birziklatzea trabatuko luke, baita materia organikoa selektiboki biltzea ere. Herritarren osasunari eragingo lizkiokeen kalteak ere aipatzen dituzte, eta balorazio energetikoaren inguruan egiten diren aipamenak oso orokorrak direla.

Plataformak aurkeztutako helegiteetan, Usurbilgo Itunaren proposamena ere jaso dute, errauste planta eraikitzea sei urtez atzeratzeko eskatzen duena.