Egindako lanak

Aztikerren 2001. urtean lanean hasi ginenetik, esperientzia handia izan dugu metodologia eta teknika ezberdinetan oinarritutako lanak egiten. Egin ditugun ikerketak eta gure bezeroek gugan jarri duten konfiantza dira gure ibilbidearen erakusgarririk onenak. Hauek dira lan horietako batzuk:

EUSKAL HERRIA datuen talaiatik, 2006

Liburu honetan, gai ugariren inguruko azterketa egin dugu (demografia, sektore ekonomikoak, etxebizitza, euskara, hezkuntza…), eta Euskal Herriko errealitatea zertan den azaltzen dugu zenbakien bidez. Errealitate hori Europako eta munduko testuinguruan kokatzen dugu, eta Euskal Herriko zazpi herrialdeen arteko ezberdintasunak ere aztertzen ditugu, baita eskualdeen eta udalerrien artekoak ere. Euskal Herriko errealitatea ezagutu nahi duen edonorentzat, ezinbestekoa bihurtu da ikerlan hau. Liburua hemen klikatuta eros dezakezu

Euskal Herriko Datu Talaia

Datu Talaia egitasmoa 2005. urtean sortu genuen, GAINDEGIA elkartearekin batera. Egitasmoaren funtsa da Euskal Herriko informazio estatistikoa biltzea eta bateratzea, eta lan horren emaitza Euskal Herriko Datu Talaia webgunean argitaratuta dago. Euskal Herriko informazio estatistikoa eskaintzen duen lehen webgunea (eta bakarra) da Datu Talaia. Gai askoren inguruko informazioa topatu dezakezu: demografia, familia, etxebizitza, sektore ekonomikoak, laborantza... Informazio estatistiko hori etengabe berritu eta osatzen da

Euskararen Datu-Basea

2004. urtetik aurrera SEI elkartearekin sortu eta Soziolinguistika Klusterrarekin lantzen jarraitu dugun egitasmoa da Euskararen Datu Basea. Informazio soziolinguistiko ugari biltzen da bertan, Euskal Herri osoari buruzkoa: hizkuntza gaitasuna, erabilera, euskara irakaskuntzan... Bertan biltzen diren datuek aukera eskaintzen dute azken hogei-hogeita bost urteetako bilakaera aztertzeko, eta baita eremuak elkarrekin alderatzeko ere. Hemen klikatuta egitasmoaren azalpen zabal bat aurki dezakezu, eta hemen EDBren web orrirako sarbidea

Euskara eta hedabideak Zarautzen: ikerketa eta euskara.dat jardunaldiak

Zarauzko Udalak eskatuta, euskarazko hedabideen kontsumoa zertan den aztertu genuen ikerlan honetan, Zarauzko herritarrei 2006. urtean egindako inkesta baten bidez. Emaitzen txostenak hemen klikatuta aurki ditzakezu. Ikerketa horren emaitzak aurkezteko eta gaiaren inguruko hausnarketa ahalbidetzeko, bestalde, euskara.dat: Hedabideak jardunaldiak antolatu genituen 2007. urtean.

Immigrazioa Sakanan

2005. urtean, Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuak eskatuta, immigrazioari buruzko diagnostikoa egin genuen, eta, ondoren, diagnostikoaren emaitzak oinarritzat hartuta, etorkinentzako harrera zerbitzua sortzeko zer bideragarritasun zegoen aztertu genuen eta zerbitzuaren ezaugarritzea egin. Lan hau egiteko, teknika eta metodologia askotarikoak erabili genituen: bigarren mailako iturrietako datuak landu, adituak elkarrizketatu, elkarrizketa sakonak egin, dokumentazioa aztertu, eta abar.

Euskal Herriko laborantza

2005. eta 2006. urteetan zehar, Gaindegiak eskatuta, Euskal Herriko laborantzari buruzko azterketa egin genuen. Alde batetik, adituen iritziak jaso genituen, eta gaiarekin zerikusia zuten erakundeen direktorioa eta bibliografia jaso genituen. Bestetik, Euskal Herriko Laborantza zentsuetako datuak bateratu genituen. Egindako lanaren laburpen bat hemen klikatuta topatu dezakezue.

EUSKAL HERRIA datuen talaiatik

Euskal Herria datuen talaiatikliburua, 2002. urtean Udalbiltzarentzat egina. Hainbat iturri estatistikotatik edanez, Euskal Herri osoko ikuspegia eskaintzen du, lehen aldiz, liburu honek. Lan osoa euskaraz hemen klikatuta lor dezakezu.

Ikasle euskaldunak Euskal Unibertsitatearen aurrean

2006. urtean, Udako Euskal Unibertsitatearentzat egindako lan honetan, unibertsitatean ikasten ari ziren ikasle euskaldunek Euskal Unibertsitatearen inguruan dituzten iritzi eta jarrerei buruzko azterketa egin genuen, eta, horretarako, ikasleen artean zabaldu genuen inkesta erabili genuen.

Mugikortasunari buruz tolosarrei egindako inkesta

Tolosako udaleko Agenda 21ekin batera egindako ikerlan honetan, Tolosarrek mugikortasunari buruz zer iritzi eta jarrera zeukaten aztertu genituen, eta, hori gauzatzeko, inkestak egin genituen. Landa lana 2006. urteko azaroan egin genuen.

Taxilarien lan baldintzen azterketa

2006. urtean Iruñeko taxilarien elkartearentzat taxilarien lan baldintzen inguruko ikerlana egin genuen. Horretarako, taxilariei beraiei egindako inkesta batean eta lan baldintza objektiboen azterketan oinarritu ginen.

Euskal prentsaren inguruko ikerketak

Urte dezente daramatzagu euskal prentsaren inguruan azterketak egiten. Ikerketa horietako bat aipatzearren, Berriako harpidedun eta erosleei egindako inkesta nabarmenduko genuke, 2003. urtean Berria egunkariarentzat egina. Ikus ikerketa horren laburpena berriak argitaratutako artikuluan, hemen klikatuta.

Euskal Herriko kirol selekzioen inguruko iritzi eta jarrerak

Euskal Herriko kirol selekzioen inguruko iritzi eta jarrerak ikerlana, 2003. urtean ESAITentzat egina. Ikus ESAITek argitaratutako ikerketa honen laburpena hemen klikatuta.