DEUSTOBAROMETROKO METODOLOGIAZ

IX. Deustobarometroko datuen inguruan hainbat hausnarketa (2107ko negua)

Deustobarometroa egiten dutenek, txostenak argitaratzeaz gain, inkesten datu baseak edo mikrodatuak publiko egiten dituzte, egunean bertan gainera. Hori eskertzekoa eta zoriontzekoa da. Jarduteko era hori Europan aspalditik ohikoa baldin bada ere, Euskal Herrian Deustobarometroa izan zen lehena, 2013an. 2015ean Lehendakaritzako Prospekzio Kabinetea ere hala egiten hasi zen. Baina bi kasuek badituzte beren desberdintasunak: Deustobarometroak ez bezala, Lehendakaritzako Prospekzio Kabineteak ez du epe jakin bat zehaztuta datu horiek eskuragarri jartzeko. Are gehiago, eskaera bat bidali behar zaie datuak lortu ahal izateko, eta egun batzuetara bidaltzen dituzte (hori bai, egun bakar batean askotan, dena esanda). Edozein kasutan, Lehendakaritzako Prospekzio Kabinetea da erakunde publiko bakarra gisa honetako politika hartu duena. Guk dakigula, ez Dipuztazioek, ezta EiTBk ere (EiTB Focusek, adibidez) ez dituzte eskuragarri jartzen diru publikoz ordaindutako eta sortutako datu baseak. Beraz, gure ustez, Euskal Herrian Deustobarometroa da jarraitu beharreko eredua, zalantzarik gabe, gardentasunari eta erabilgarritasunari dagokionean.
Diru publikoaz sortutakoa herritarren esku jartzeak bere horretan onura bat da, baina baditu behintzat beste bi onura handi gardentasun horrek: batetik, aukera ematen du datu base berdinarekin ustiaketa berdina egitea argitaratutako datuak kontrastatuz edo ustiaketa propioa egitea eta publikatu edo aztertu ez diren beste datu batzuk sortu daitezke ; eta, aldi berean, datu basea teknikoki aztertu eta ikuspegi kritiko batetik ekarpenak egitea ahalbidetzen du. Hain zuzen, horixe da lerro hauetan egin nahi duguna, pentsatzen baitugu kritika horrekin eta proposamenak eginez ikerketarako baliabideak pixkanaka hobetzen lagun dezakegula. Gu geu ere ikerketa soziologikoen munduan gabiltzanez, kontziente gara zailtasun handiak daudela erabiltzen diren ikerketa teknikak teoriatik errealitatera jaisteko. Beraz, argi gera dadila gure asmoa ez dela, inondik ere, Deustobarometroko lan taldearen lana edo sinesgarritasuna zalantzan jartzea.

argi gera dadila gure asmoa ez dela, inondik ere, Desutobarometroko lan taldearen lana edo sinesgarritasuna zalantzan jartzea

Aurreko guztia esanda, jarraian Deustobarometroaren metodologiari buruzko hausnarketa kritikoa egin nahi dugu. Inkesta honek hainbat berezitasun ditu. Bata lehen aipatutako gardentasuna da, eta bestea inkestak online egiten direla. Honakoa da jarraitzen den prozedura: MyWord izeneko enpresak herritar komunitate-panel digital bat osatzen du ezaugarri zehatz batzuen arabera (adina, sexua…), horiei link bat bidaltzen die inkesta betetzeko eta, azkenik, inkesta bidali zaien herritar horietatik batzuk erantzun egiten dute, oraingo olatuan guztira 1.003 pertsonak, esaterako.
Kontua da interneta erabiltzen duen (dugun) herritarren perfila nahiko ezberdina dela biztanleria osoarekiko adinaren eta generoaren arabera, eta horrek online egiten diren inkestetan eragina du. Hau da, zailtasun handiak daude adin batetik aurrerako herritarrek-bereziki emakumeek- inkesta horiek erantzuteko, ez baitira mundu digitalaren erabiltzaileak. Beheko grafikoan ikus daitekeen bezala, 65-74 urte bitartekoen artean, gizonen %56k eta emakumeen %51k erabili du interneta azken hiru hilabeteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

 

INTERNET ERABILERA AZKEN 3 HILABETE

Iturria: Encuesta sobre Equipamiento y Uso de Tecnologías de Información y Comunicación en los hogares 2017. INE

Aurreko grafikoan ikusten den joera errepikatu egiten da Deustobarometroaren kasuan, inkesta erantzun dutenen adina eta sexu banaketarekin. Hain zuzen, alderatzen dugunean inkesta erantzun duten pertsonen adin tarte eta sexua ordezkatu nahi den herritarrenarekin, aldea handia da. Horrela, 44 urtera arte emakumeak gainordezkatuak daude eta 45 urtetik aurrera azpiordezkatuak; eta 55 urtetik gorako emakumeen proportzioa 15 puntu azpitik dago (%23,1 izan beharko lukete eta laginean %7,9 dira). Gizonen kasuan joera antzekoa da, baina ez da hain nabarmena.

 

LAGIN ALDERAKETA

Ez da hori desoreka bakarra. Gainordezkatuak daude EAEn jaiotakoak, (13 puntu), elebidun hartzaileak (15 puntu), eta ikasketa mailan LH II (13 puntu) eta unibertsitatate ikasketak (16 puntu) dituztenak. Desoreka horiek azaltzeko lagun diezagukeen aldagai bat, besteak beste, herritarrok internetez egiten dugun erabilera desberdina da: inkesta hori erantzuten dutenak ez dira hainbeste EAEko 18 urtetik gorako herritarrak, EAEko 18 urtetik gorako internautak baizik.

 inkesta hori erantzuten dutenak ez dira hainbeste EAEko 18 urtetik gorako herritarrak, EAEko 18 urtetik gorako internautak baizik.

Hori horrela izanik, bi elementuk harritzen gaituzte. Lehenengo, datuak ematerako orduan EAEko 18 urtetik gorako herritarrez hitz egiten dela ikusteak, desoreka hori egonda laginean. Bigarren, haztaketarako aldagaiaren eragin txikiak. Arrazoi ezberdinak tarteko, lan askotan lortzen diren laginetan desorekak sortzen dira, baina horiek ondoren haztaketen edo ponderazioen bidez (estatistikoki egiten diren eragiketak desoreka horiek zuzentzeko) “bir-orekatzen” dira. Kasu honetan, datu basean badago sortua aldagai bat haztaketa egiteko, baina hori erabili edo ez, ia ez du eraginik emaitzetan.

Gisa horretako ezaugarriak dituen laginketa bat erabiltzeak bere indarguneak eta ahulguneak ditu. Errepresentagarritasunari dagokionez eduki ditzakeen mugak aipatu ditugunez, amaitzeko zailtasun horiek gainditzen lagun dezaketen proposamen xume batzuk eman nahi ditugu, hauek ere eztabaidagai izan daitezkeenak. Gure ustez hiru izan daitezke desoreka hori zuzentzeko bideak:

  • Adin tartea mugatu: Metodologia horren bidez (panelak ondo osatu eta laginketa ondo egin dela suposatuz) 18 eta 55 urte arteko EAEko herritarrez hitz egin liteke.
  • 18 urtetik gorako herritarrez hitz egin nahi bada, metodologia mistoa erabiliko genuke: adibidez, 55 urtetik beherakoei inkesta online eginez eta hortik gorakoak telefonoz inkestatuz.
  • Dagoen bezala utzita, zuzenagoa litzateke EAEko populazio internautaz hitz egitea.

 

Gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak gogoan hartu. Deustobarometroa bezalako tresnak benetan eskertzekoak dira gizarte ikerketan, datuak publiko egin eta interesa duen edozeini bere analisi propioak egiteko aukera eskaintzen baitiete. Modu horretan, gero eta zorrotzagoak izango gara norberaren eta besteen jardunarekin, eta horrek ekarriko du era berean azterketa soziologikorako tresnak fintzen joatea gure errealitatea ahalik eta egokien ulertzeko.

 

, ,

One Response to DEUSTOBAROMETROKO METODOLOGIAZ

  1. Xabier Landabidea Urresti 2018-01-15 at 10:56 #

    Mila esker Asier, benetan sarrera txukuna. Kontuan hartuko dugu lan taldean.

    Besarkada handi bat

Utzi erantzuna