[Sistema elektorala beste bat balitz? (I)]

Ikasturtea (beste) hauteskunde kanpaina batekin ireki dugula probestuz, bitxikeria gisa, hautets sistema ezberdinek eta zehazkiago, bozkak legebiltzarkideetan nola “bihurtzen” diren erabakitzen duten sistema ezberdinen inguruan arituko gara. Egungoa aldatuko balitz, nola eragingo luke?

Hauteskundeak herritarren borondatea adierazteko edo irudikatzeko modu bat dira, bere “baina” guztiekin. Ur handiagotan sartu gabe, numerikoki alderdi/hautagai bakoitzak eskuratutako bozkak eserlekuetan bihurtzeko modu bat adosten da. Normalean, modu horrek bi ezaugarri nagusi izaten ditu:

1.- Barrutia edo hautagaiak erabakitzeko lur eremua

2.- Eta bozkak eserlekuetan bihurtzeko formula.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara mugatuz, Legebiltzarreko eserlekuak banatzeko moduak anitzak izan zitezkeen: Hautetsi guztiak eremu bakarrean, hau da, Erkidegoak osatutako eremuan banatzea, kolpe bakarrean. Bigarren modu bat, egun egiten dena, hiru eremutan, herrialde bakoitzeko banaketa bat egitea. Beste bat, adibidez Batzar Nagusietarako egiten den bezala, herrialdeak Juntetan banatu (eskualdeen gisan) eta bakoitzari hautetsi kopuru bat asignatzea. Beste herrialdeetan egiten den bezala, beste aukera bat, Erkidegoa 75 barrutitan banatu, aukeratu beharreko hautetsi beste, eta bakoitzean bat aukeratzea litzateke.

Barruti bat baino gehiago izanez gero, erantzun beharreko beste galdera bat zera da, barrutien arteko harremana nolakoa litzatekeen. Egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Erkidegoan, herrialdeen arteko harremana orekatua da, hau da, herrialde bakoitzak 25 hautetsi aukeratzen ditu nahiz eta demografikoki hiru herrialdeak ezberdinak izan. Kontrako jarrera, pisu demografikoaren arabera herrialde bakoitzari hautetsi kopuru bat asignatzea litzateke. Horren arabera, egun, gutxi gora-behera, Arabak 11 hautetsi edukiko lituzke, Bizkaiak 40 eta Gipuzkoak 24. Posizio hori barruti bakarra izatetik oso hurbil dago. Bi jarrera horien arteko bat izan daiteke Espainiako Hauteskunde Orokorretarako adostu zuten formula, hautetsi kopuru minimo eta berdin bat herrialde guztietarako (haien kasuan bi) eta ondoren geratzen diren hautetsiak banatzeko pisu demografikoaren arabera banatu.

sistema elektorala

Formulak eta Kozienteak

Behin barrutia(k) eta horien arteko harremanak nola eraiki adostuta, bozkak eserlekuetan nola bihurtu erabaki behar da. Horretarako ere modu ezberdinak daude eta bakoitzak ondorio ezberdinak izan ditzake.

Ordezkaritza proportzionaleko sistemetan, oinarrizko bost formula matematiko erabiltzen dira bozkak eserlekuetan “bihurtzeko”. Hautagaien zerrendetan oinarritutako ordezkaritza proportzionaletan “batez-besteko altuenen” metodoak [(1) D´Hont eta (2) Sainte-Lague] eta “hondar handienen” metodoak [(3) Hare eta (4)Droop] erabiltzen dira. (5) Transferitu daitekeen bozka bakarreko sistemetan Droop kuota erabiltzen da gehienetan.

Gurean zalantzarik gabe ezagunena (edo entzunena) D´Hont sistema edo metodoa da. Bai Euskal Herrian egiten diren hauteskunde mota guztietan erabiltzen delako, bai Europako Estatu gehienetan (15 bat[1]) erabiltzen delako. Sistema hori, eragiketa bakarreko sistema proportzionalen barruan sailkatuko litzateke. Hau da, formula bakar batekin eta aldi batean alderdi bakoitzak lortutako bozkak jakinda, eserlekuen banaketa ematen da. Bozka guztiak zenbatu eta gero, zatitzaileak kalkulatzen dira V/N eginez (non V-k zerrenda batek jasotako boto kopurua adierazten duen eta N bat eta banandu beharreko kargu kopuruaren arteko zenbakia den). 1 eta N artean dauden zatitzaileekin botoen zatiketak kalkulatu eta gero, karguen asignazioa zatiketen emaitzak handienetik txikienera ibiliz egiten da eta karguak agortzen direnean bukatzen da.

D´Hont: Alderdi-Zerrenda bakoitzak eskuratutako bozkak / Momentura arte eskuratuta daramatzan eserlekuak* + 1

* Hasieran 0 guztientzat

Eragiketa bakarreko sistema proportzionalaren barruan baita ere, eta D´Hont sistemaren antzekoa, St. Laguë sistema da. Alemanian, Letonian eta, bere bertsio moldatuan, Suedian erabiltzen dute. D´Hont sistemaren berdina da, zatitzaile guztiak bakoitiak (1, 3, 5 ) direla izan ezik. St. Laguëren bertsio moldatuan, lehen zatitzailea 1 izan beharrean 1,4 da.

St. Laguë: Alderdi-Zerrenda bakoitzak eskuratutako bozkak / 2 x Momentura arte eskuratuta daramatzan eserlekuak* + 1

* Hasieran 0 guztientzat

Eragiketa bikoitzeko sistema proportzionaletan edo “hondar handienen” metodoekin bi urrats eman behar dira: 1. koziente bat kalkulatu eserleku bakoitza “zenbat kostatzen den” kalkulatzeko. Koziente hori kalkulatzeko formula ohikoenak Hare, Droop edo Inperiala dira, gero ikusiko dugunez. Baina horiek arazo bat sortzen dute. Koziente horien aplikazioak “soberan” uzten ditu hainbat bozka eta eserleku eta horiek ere banatu egin behar dira.  Izan ere, alderdi bati 3,4 eserleku tokatzen bazaizkio 3kin geratzen da eta 0,4 eserleku geratzen dira “soberan”. Alderdi guztien “hondar” guzti horiek batuta eserleku osoak geratzen dira, noski. Ondorioz, “soberan” diren eserleku horiek banatzeko bigarren modu bat erabakitzen da.

Azpiatal honetan aipatutakoen artean, bi nagusi aipatuko ditugu: Hare-Niemeyer  eta Droop sistemak.

Bost Estatuk  erabiltzen dute Hare edo Hare-Niemeyer  sistema. Bulgaria, Zipre, Grezia, Italia eta Lituaniak. Hauxe litzateke modurik sinpleena: bozka kopuru totala eserlekuengatik zatitzen da. Ondoren, “soberan” geratzen diren eserlekuak  hondar bozka handienen sistema erabiliz banatzen dira, hau da, banatzeko falta diren eserlekuak, “hondar bozka” gehien dutenen artean banatzen dira, hurrenkeran.

Hare kozientea: Baliozko bozka / Banatu beharreko hautetsi kopurua

Hare-Niemeyer kozientea:  Eskuratutako bozkak x Banatu beharreko hautetsi kopurua / Baliozko Bozkak Guztira

Eslovakian Droop kozientea edo kuota erabiltzen da. Hare-ren oso antzekoa da, zatitzaileari eta kozienteari 1 gehitzen zaiola salbu.

Droop kozientea: 1+ (Baliozko bozka / (Banatu beharreko hautetsi kopurua + 1))

Aipatutako hauetaz gain, bada beste modu bat bozkak eta eserlekuak harremanetan jartzeko, baina aldea ez dago formulan edo eragiketan, zerrenda edota hautagai pertsonalak hautatzeko moduan baizik: Transferitu daitekeen bozka bakarreko sistema.  Hauetan, hautesleriak hautagaiak ordenatu behar ditu bere preferentzia edo lehentasunen arabera. Hautagai batek hautatua izateko bozka nahikoak izan dituenean, “soberan dituen bozkak” hautesleriaren bigarren (edo hirugarren…) lehentasunetara pasatzen dira. Horietan Droop kuota erabiltzen da gehienetan. Irlanda, Malta eta Ipar Irlandan horrela da.

Hurrengo postean, adibide praktikoa.

 

[1] Espainia, Portugal, Erresuma Batua, Belgika, Herbehereak, Estonia, Hungaria, Errumania, Kroazia, Eslovenia, Austria, Danimarka, Finlandia, Frantzia eta Txekiar Errepublika

Ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna