Zubideiak

[Euskara, Aniztasuna eta Bizikidetza]

Honek elkartu gintuen maiatzaren 7an Leioan.

Euskarak zelan lagundu dezake hemen bizikidetza indartzen? Ideia mordoa, eragin asko, elkarrizketa anitz… Eskertzekoa da, zenbaitzuri horrenbeste mugitzen gaituen gai honen inguruan espazio horren bizia antolatzeko aukera hau; doakie ezeren aurretik, beraz, nire errekonozimendu eta eskertza antolatzaile guztiei, batez ere Topagunea eta Gune Irekiaren Lagunei. Topaguneari gai korapilatsu honi ausardiaz eta konplazientziarik gabe heltzeko borondateagatik, eta Eleder eta Iñigori berriz, komunitatearenganako konfiantza erakusteagatik eta autoantolakuntza eta pasioa horren modu ederrean uztartzeagatik.

Nola bilaka ditzakegu bizikidetzarako espazio, hizkuntz gatazka bizi duten eremuak? Galdera horrekin gerturatu nintzen ni Leioara. Bizikidetza, bere horreta,n erronka soziala dugula pentsatuta, zer eta nola egin  ikuspuntu edo behar desberdinak ditugunon artean espazio bateratuak sortzeko?

Harreman sozialen eremuan gairik zail eta apasionanteena iruditzen zait hau, nola egin konpartituak diren espazioetan behar desberdinak errespetatuak izan eta parez pare harremantzeko. Kasu honetan hizkuntza eskubide eta bermeen testuinguruan garatzen diren harremanen arteko bizikidetza nola bizi dugun konpartitzen aritu ginen batzuk. Errespetua(k), beharra(k), botere harremana(k)… guztiaren gainean eta edozein gatazketan agertzen diren elementuei jarraituz, ezinbesteko bi balore erreskatatu nituen Leioako elkargune horretatik: komunikazioa eta burujabetza.

Komunikazioa harreman eta gatazka sozial orotan funtsezko elementua, are gehiago hizkuntza eta kulturartekotasunaz ari garenean. Kulturartekotasunak, ezbairik gabe, desberdinen arteko harremanetan sakontzea eskatzen digu; elkarrekin bizi nahi baldin badugu, behintzat. Askotan, jakintzat ematen ditugu gauza asko: “besteak” jakin beharko lukeela guretzako zer den inportantea, zein hizkuntzatan hitz egin nahi dugun, euskararekiko zein jarrera izan, zein neurriraino den inportantea hizkuntza niretzako… Gauza hauek guztiak jakintzat ematen ditugu, besteari horren ezagutza eta errespetua eskatuz. Eta ziurrenik, lehendabiziko urratsa horixe da: ondokoa izatea nahi dugun horri euskarak duen balioa komunikatzen asmatzea. Konbentzituta nago horretan badagoela elkar ulertzea sustatzeko esparru oso zabala, eta orain artean gutxi arakatu duguna. Niri, behintzat, erronka handia suposatzen dit elkar komunikatzeko niretzako inportanteak diren gauzak komunikatzeko ariketa egitea; ikasiagoa baitut bestearekin haserretzea edo ezkutatzea. Zenbatetan gogaitu gaitu besteari euskara itzultzearen “beharrak”? Ez dira gutxi halako espazioetan euskaldunok saiatu izan ditugun estrategiak. Askotan, ordea, konturatzen naiz modu sinple, zuzen eta enpatikoan gure nahiak adieraztea dela biderik eraginkorrena, eta gehien kostatzen dena.

Bestalde, burujabetza: gure behar eta eskubideak legitimoak ditugula sinistea. Urrats hau nahiko garatua edo integratua ez dugunean ere, gatazkak elikatzen ditugu. Eta txikitasun edo zor batetik kokatzen bagara hizkuntza-gatazka hauetako batean, akabo! Eztabaidatu asko, ulertu gutxi eta argitu ezer ez.

Bizitzaren edozein esparruetan gertatzen zaigula iruditzen zait, eta hizkuntz aniztasunaren eremuan ere horrela dela uste dut. Gure buru eta gorputzean euskaraz egiteari ematen diogun zilegitasunari proportzionala da esparru elebidunetan sortzen dugun euskararen presentzia. Gure nahia argi izan eta esaten dugunean errazagoa dela iruditzen zait euskararekiko errespetua eta eskubideak errespetatuak izatea.

Gure eskubideekiko errespeturako, eta gure praktika euskaldunagoa izateko inspirazio une izan zen Zubideiak, eguneroko urrats txiki ugari nola eman hausnartu eta argitzeko arnasgunea. Ulertu eta egin, egin eta ulertu.

Honegatik egun horretan ere indarberritze hauspo izan zineten guztiei eskerrik asko!

One Response to [Euskara, Aniztasuna eta Bizikidetza]

  1. Iñigo retolaza eguren 2016-06-30 at 12:08 #

    Eskerrikasko Arkaitz zure hausnarketagatik.Benetan baliagarria. Era berriak eta pentsamendu berriak behar ditugu. Eskerrikasko Zubideiakera etortzeagatik eta hitza zabaltzeagatik! Bakoitzak berea egiten eta denok denona bultzatzen. Horrela bai euskara aurrera!

Utzi erantzuna