3.ARGAZKIA

[Langilegoa(k), Migrazioa(k) eta Klase Soziala]

Igaro berri da Maiatzaren Lehena. Eta ahaztu dugu dagoeneko. Azkarregi ez ote dugun ahaztu gainera. Datorren urte arte. Eta eguna badela, izan, egutegi ofizialek ondo gorriz marraztua dutelako ez ote dugun oroitzen. Aurtengo galdera berak oroituko ditugunez hurrengoan ere.

Baiki, bat nator Asier Etxenike lankideak  leiho honetan bertan esandakoarekin: “Euskal Herrian, egun, sindikatuak dira jendarte instituzio nagusia, jende gehien barne biltzen edo auto-antolatzen dutenak”. Beste eragile, erakunde, elkarte edo dena delakoetan ematen den kidetza datuen konparaketak baieztatzen du aurreko esana. Eta honela, Euskal Herrian, “langileen %22,5 inguru daude sindikaturen batean afiliatuta, kirol elkartetan %11,5a edo GKEetan %8,9 diren bitartean”. Neroni, ordea, langileria esaten diogun gainontzeko %77,5arengana egiten dit ihes arretak. Aldakortasuna eta ziurgabetasuna dira egungo langileriaren errealitatearen ezaugarri behinenak. Egungo sistema ekonomikoak eta legedi aldaketek izaera kolektiboa ahuldu du,  lan harremanak indibidualizatu dira…Eta langilegoa, irudi, jarrera sozial eta subjektu askotarikoetan bereizi eta birmoldatu da

Prekariatua-ren sorreraz mintzo da Guy Standing ekonomista britaniarra The Precariat eta The Precariat Charter liburuetan. Eta Marx edo Weberren jendarte klaseen banaketa klasikoak gaindituta daudela ere esango du. Banaketa, egun ere egon badela, ukatu gabe noski; sozietateak, eta inoiz baino argiago akaso, klaseetan banatuta segitzen baitu.

Zaila da prekaritatea zenbakitan ikustea. Horixe du, hain zuzen, prekarietateak: ikusezintasuna. «Baina badakigu asko emakumeak direla, baita gazteak ere, eta baita adineko sektore bat ere», dio Mertxe Larrañaga EHUko ekonomia irakasleak (Ikusten ez den erretratua. Berria 2015-04-26). Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu azken ikerketak dio, besteak beste, “2015ean 16 eta 29 urte bitarteko gazteen % 44,2k aldi baterako kontratua” duela. Larrañagak, etxeko egoera ekonomiko estuak derrigortuta, etxekoandre asko lan merkatura sartzen ari direla azpimarratzen du. Ordea, atzeko atetik ari dira sartzen, eta gehienetan, zuzenean lan prekarioenetara. Euskal Herriko landunen %17,5 ari dira lan partzialetan, eta bost kontratutik lau emakumeek sinatzen dituzte.

Izan ginen eta ikusi genituen emakumeak, gazteak, eta ez adineko pertsona gutxi Maiatzaren Leheneko manifestazioetan. Baita sindikatuen aliatu potentzial ez ezik, aliatu beharrezkoak ere badiren askotariko mugimendu sozialak ere. Nork bereak, bistakoa denez. Ohikoa bilakatu baita langileriak sindikatuen deialdien arabera banaturik egitea aldarria edo protesta. Ikuskatzeko aukera izan nuen manifestazio denek, baina, ezaugarri komun bi zituzten: jendartearen gehiengoa prekarietatean izango den etorkizun partekatua batetik, eta manifestazioetan parte hartzen ari ziren lagunen jatorria bestetik. Etxerakoan ohartu nuen ekitaldi eta manifestazioetan deigarria oso beharko lukeen pertsona migratuen ausentzia.

Maiatzaren Lehenaren testuinguruan, Berriak argitaratu “Langileak ez dira Cristiano Ronaldo” (Joxerra Senar, 2016-05-01) artikuluan, Izaskun Garcia LABen Zeharlerroak ataleko idazkariak azken hamarkadetan langile kontzientziaren lausotze bat eman dela dio: «Langileak mailakatu dituzte eta irudikatu euren arteko interesak kontrajarriak direla». Ildo beretik, eta erreportaje berean, Nafarroako CCOOko idazkari nagusia den Raul Villarrek zera gehitzen du: «Langabeak pribilegiatutzat jotzen du kontratu prekarioa duena, langile prekarioak pribilegiatutzat du langile finkoa, eta hark, berriz, funtzionarioa, blindatze bat baduelako. Zatiketak galarazi egiten du ikustea nor den benetako erruduna, munduan aberastasun gehien biltzen duena».

Klase sozialen banaketaren eskema orokorra oraindik balekoa dela defenditzen du Joseba Barandiaran ekonomistak (Ikusten ez den erretratua. Berria 2015-04-26), eta gurean klase apalena prestakuntzarik gabekoak direla azaltzen du. Eta hauen artean, bereziki migratuek. Esan gabe doa, eta ez da ikerketa sakonen beharrik: gurean ezagutu izan dugun eta ezagutzen dugun migrazioaren bulkada nagusia, ekonomikoa izan da eta hala izaten jarraitzen du. Migrazioaren ezaugarri garrantzitsuenen artean, oinarrizko beharrak asetzearen premia aipatu behar da. Lanak bultzatuta etorri ziren Euskal Herrira, edo lanaren beharrak, egoera ekonomikoa hobetzeko asmoarekin.

1950eko hamarkadatik eta, batez ere, 1960ko hamarkadatik aurrera, Euskal Herriak biztanle kopuruan gora egin zuen, garai hartan erregimen frankistak bultzatutako desarrollismoari lotuta. Garai horretan migrazio uholdea gertatu zela esan daiteke. Etapa horretan, Espainiako nekazari lurralde askok exodotzat hartu dena bizi izan zuten.

Ondoren etorri zen globalizazioa edo mundializazio esaten diogun prozesua. Gure egunerokoan loriatzen dugun prozesua. Eta globalizazio prozesuaren barnean ulertu behar da, besteak beste,  herrien arteko ezberdintasun ekonomikoak handitu izana. Zehazki, hego eta ipar hemisferioen arteko ezberdintasunak handitu izana, baten aberastasuna eta bestearen pobrezia elkarri lotuta daude eta. Horrek guztiak ekarri du hego hemisferioko pertsonen migrazio mugimenduak kuantitatiboki handitzea eta denboran azkartzea. Horren emaitza da ekonomikoki garatuago dauden herrietara joan izana hego hemisferioko pertsonak, Europara, adibidez, eta Europan, Euskal Herrira. Migrazio berria deitu diogu prozesu horri, Espainiatik iritsi zen aurreko migrazio aldietatik bereizteko. Migrazio hori, Espainiatik kanpokoa izanik, ezaugarri berriak ditu, eta nazioarteko migrazioen logika berriaren barruan azter dezakegu. Eta esan behar da, Hego Euskal Herrira berandu iritsitako migrazioa dela, batez ere Europako Mendebaldearekin alderatuz gero.

Gorago aipatu dugun migrazio zaharrean etorri ziren pertsonekin alboratuz, Europar Batasuneko estatuetatik datozen pertsonek, oro har, ez dute bazterketa eta aurkakotasun sentimendurik. Alderantziz, euskal herritarren artean ongi etorriak direla sentitzen dute. Dena den, pertzepzio edo hautemate hau, etorri berriaren maila sozioekonomikoaren araberako izango da. Hau da, klase soziala funtsezkoa da. Migrazioaren irudi soziala langile klasearekin zein sektore desklasatuekin lotu ohi da, migrazio ekonomiko batez ari garenez bereziki. Eta bestelako segmentuak ahaztu ohi dira. Honek, jakina, migrazio fenomenoaren estigmatizazioan eragin sakona dauka.

 Hala ere, Ikuspegi immigrazioaren euskal behatokiak ondorioztatu berri du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleak “etorkinekin toleranteak” direla. 2012an behera egin ondoren, “atzerriko immigrazioaren onarpenak nabarmen egin du gora: iazko txostenaren arabera, ehunetik 58 puntutan dago indizea” (Berria 2016-04-22). Bai, baina.  “Immigrazioa ez da herritarrentzako kezka iturri, ezta krisi garaian ere: etorkinak ez dira arazo, baina bai haiek jasotako gizarte laguntzak”. Beraz, gizarte laguntzek eragiten dute eztabaida gehien.

Guy Standing ekonomistaren arabera, egungo gizarte laguntzak batez ere XX. mendeko lanpostu ia finkoko beharginentzat eta nagusientzat (pentsioak) pentsatuta daude. Egungo prekariatua, baina, sare sozial horretatik kanpo ari da bizitzen. Horregatik, ezinbestekotzat jotze du Standingek  gutxieneko errenta sistema sendo bat bermatzea. Ez da konponbide bat, baina bai kalte handiagoak arintzeko sare garrantzitsu bat. Eta Euskal Herrian badaude gutxieneko diru sarrerak bermatzeko laguntzak. Edo bazeuden. Gipuzkoako Diputazioak diru sarrerak bermatzeko ematen duen laguntza (DSBL) kentzeko asmoa jakinarazi zuen duela bi aste. Eta Gipuzkako Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak eman argudio: «migrazio isuri artifiziala ekarri du Gipuzkoara».

“Aldundiak berak txostenean emandako datuen arabera, 46.408 etorkin bizi dira herrialdean, eta 2015. urte amaieran 1.422 bizikidetza unitate ari ziren laguntza jasotzen; etorkinen %3 inguru. Ikerketan argi geratu da, gainera, beste diru iturririk gabeko pertsonak direla” (Berria 2016-04-22).

“Erakartze efektuaren” diskurtsoaren atzean “logika deabruzko” bat dago. Zama kriminalizatzaile argia du, migrazioak eta pertsona migratuak mehatxu batekin lotzen dira, eta beti erabiltzen da eskubideak murrizteko arma-argudio bezala. Aipagai ditugun diru sarrerak bermatzeko laguntza ezartzeko erabakia hartu zen garaiko Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezen hitzetan: “Beldurraren diskurtsoak emaitza ematen die politikari askori, eta hautu hori egin dute; pobreen arteko borroka besterik ez da lortu nahi. ‘Begira ezazu behera’, esaten zaio jendeari. ‘Ez begiratu gora; beheko horiek dira zuen arazoen motiboa’. Logika deabruzko bat dago horren atzean”.

Lan beharrak mugitzen du jendea, ez laguntzek. Eta hala, gizarte laguntzak eta migratuen afera, ez al da sindikatuek aipagai duten langile kontzientzia lausotzeko “ondo antolatutako estrategia” parte?

Ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna