Mafalda 2

[Ez da soziologoa izan behar…]

2016-04-06 Besteak

…zeharkatzen gaituzten aldaketen neurriaz ohartzeko.

Aldaketek zeharkatzen gaituzte, etengabeko aldaketan bizi gara, bizitza bera aldaketa denez. Azken hamarkadak, ordea, ez dira aldaketa sozialaren etapa soil bat gehiago izan. Eremu geoekonomiko eta geopolitiko globalean jazotako mutazioak, aldaketa teknologiko bizia eta Internet sareen unibertsalizazioa, kapitalismo finantziarioaren aparteko hedapena, eta Atzeraldi Handiak eragin asaldadura ekonomiko eta politikoak, ez dira bata bestearen atzetik gehitu daitezkeen aldaketa hutsak. Gero eta sarriago entzuen da “eraldaketa handien” ideia, aldaketok jendarte garaikideen oinarrizko fundamentuak bestelakotzen dituzten heinean. Eraldaketa handi hauek integraziorako oinarrizko instituzioak ezegonkortu dituzte maila makro-sozialean; izan hauek sistema demokratikoak, lan merkatuak edo ongizate estatuak. Norbanakoek, komunitateak nahiz talde sozialek egunerokoa asaldatuta dakusate; ekintza kolektiborako askotariko forma berriei aukerak zabaldu, eta identitate nahiz balore sozial berriak sortzeko bideak urratzen ikusten ditugularik.

Ez da soziologoa izan behar aldaketez ohartzeko. Soziologian sinesten dugu, ordea. Newtonen grabitazio legeen aurkikuntza; Einsteinen erlatibitatearen teoria edo Hawkingen “guziaren teoria” pertsonaren ikaskuntza hobetzeko eta garatzeko aparteko ekarriak izan dira. Shakespearen Lucy antzerki/drama; Aldous Huxleyren Brave New World; edo baita Sarrionandiaren Lapur banden etika, edo politika lanek norbanakoaren eta jendartearen izate eta jokabideen gaineko gure ulerkera aberasten dute. Era berean, Marxen materialismo dialektikoaren teoria; elkartasun organikoa eta mekanikaren teoria; Weber-en Die protestantische Ethik und der ‘Geist’ des Kapitalismus; Durkheimen  The Elementary Forms of the Religious Life; Platón eta Estatuaren teoriak edo Aristoteles eta Errepublika; Hobbes, Voltaire, Locke, “kontratu soziala” eta “liberté, egalité, fraternité”; Rostowen garapena/hazkundearen hiru etapen teoria; edo Amartya Senen “ongizatearen ekonomia”, gizateriaren baldintza sozio-ekonomiko eta politikoak ulertzen laguntzeko pentsatuak eta sortuak dira.

Soziologiak sozietatea ikertzen duela esatea pellokerioa daiteke. Eta hala da. Soziologian sozietatea ikertzen dugu, sozietatean ematen diren harreman edo interakzioen esanahia ulertu nahi dugulako funtsean. Eta harreman horien esanahiaren oinarrian aurkitzen, diagnostikatzen ditu Soziologiak jendarteko gai eta arazoak. Inoiz erremedio, errezelo eta erronkak aurkeztearekin batera.

Litekeena da, gurean dagoeneko hain laburra ere ez den soziologiaren egite instituzionalaren historian zehar, diziplinaren ekarria sekula ez izana hain garrantzizkoa. Soziologian sinesten dugu. Izan ere, soziologiak lagun dezake egungo zatiketa(rako) arriskuak definituz, kohesio sozialerako eskariei erantzuteko ekintza indibidual eta kolektiboak antzematen.Horretan dihardugu.

 

Ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna